Hizkuntzak: eu | en
Sarrera

 

NORANTZ proiektuaren helburua da gaur egungo Iparraldeko euskaldunen gramatika oinarriak, joera handienetan, zer bidetarik doazen ikustea, eta datubase batean bildurik erakustea, gisa horretan euskal hizkeren gramatikaren bilakaeraren behagune baten zimenduak finkatuz.

Datu-baseak 746 galdera dauzka, eta soslai soziolinguistiko desberdinetako 59 hiztunen erantzunak biltzen ditu, erabiltzaileak soinuz eta idatziz eskura ditzakeelarik.

Azken hiruzpalau hamarkadetan, euskarak gizarte egoera guziz berria, guziz larria ere transmisioaren eta gizarteko erabilpenaren aldetik, bizi izana du Iparraldean. Duda guti da, bestalde, ondoko hamarkadetan ere gauzak bide beretik joanen direla. Ez da argi, ordea, zer ondorio ekar dezakeen ingurumen horrek euskal hiztunen gramatikan: ondorio batzuk, gutiago edo gehiago finkatuak, ager daitezkeela suma daiteke, baina ikerketa berezirik egin gabe, zail da deus zehatzik horretaz aitzinatzea. Hain zuzen, sumatzen diren, baina guziz ilunean gelditzen diren fenomeno horiek bildu nahi lituzke NORANTZek.